Jolasa terapia denean

Haurren traumak tratatzeko terapia desberdinak garatu dituzte psikologoek, bizi izandakoak modu ez horren traumatikoan azal ditzaten.

A. Sarasola

Donostia

Tratu txarrak jasan dituen emakumeak udal zerbitzuetara jo dezake laguntza eske. Donostiako Udalak, esaterako, haur eta emakumeak babesteko zerbitzu berezia du. Bost gizarte hezitzaile eta bi psikologok artatzen dituzte premiazko kasuak: ostatua ematea, auzitegira laguntzea... Arreta prozesu integrala eskaintzen da, eta emakumeei ez ezik, umeei laguntzeko protokolo berezia ere badute, Pilar Ibazeta psikologoak eta genero indarkeriaren biktimak artatzeko teknikariak azaldu duenez.

Umearen ondoezaren adierazleak behatzen dituzte lehenik, ondoez maila detektatzeko. Oso altua ez bada, segimendu prozesua abiatzen dute, umea egoera berrira nola egokitzen den ikusi eta laguntzeko. Ondoeza handiagoa bada, protokolo berezia aplikatzen da, baliabide desberdinak martxan jartzeko: terapeuta, hezitzaileak.... Aldi berean, amarekin egiten da lan, haren beharretan ez ezik umearenetan laguntza emateko.

Ondoeza maila handia denean, kasu larrienetan --batez ere genero indarkeria baino, umeak tratu txarra edo zaintza eza bi gurasoen aldetik jaso duenean--, Foru Aldundiak hartzen du bere gain eskumena. Aurretiazko txostenak aztertu ostean, programa desberdinak jorratzen dituzten entitateetara helarazten ditu kasuak. Baina argitu behar da kasu hauetan, genero indarkeria baino, zaintzaileen aldetik jasotako tratu txar modu askotarikoak artatzen direla.

Entitate horietako bat da Argabe eta Gipuzkoako Foru Aldunditik bideratutako askotariko tratu txar kasuak artatzen ditu. Umeekin eta familiekin egiten dute lan, Gizalan eta Osatu programen bidez. Argabeko arduradun Lourdes Berrondoren hitzetan, posible den kasuetan, umea familiarekin bizitzen jarraitzea hobesten du Foru Aldundiak, eta bide horretan laguntzeko «dauden eta ez dauden bitarteko guztia» jartzen ditu Argabek. Gurasoengan aldaketa lortzea da xedea, heziketaz edo terapiaren bidez; izan ere, kasu askotan, gurasoek hainbat arazo izan dituzte --drogekin, edo tratu txarrak jasan dituzte...-- eta ez dute baliabiderik izan osatzeko.

Baina tratu txar kasu larrietan eta familiarekin lanik egin ezin denean, haurra babestea lehenesten da, eta kasu batzuetan beste senide baten zaintzapean edo harrera zentroetan bizitzera eramango da. Gutxienez sei hilabeteko balorazioa egiten dute Argabeko hezitzaileek, eta Foru Aldundiari txostena helarazten diote, euren iritzia emateko. Aldundiarena da azken erabakia.

«ERRESILIENTZIA». Erresilientziaren kontzeptua aipatu du Berrondok. Kimikan metalek talkak jasateko duten gaitasunari esaten zaio erresilientzia; psikologian, berriz, barruko zauriak gainditzeko pertsonek dutenari. Hainbat psikologoren ustez, tratu txarrak jasandako umea bada gai bere zauriez osatzeko, baina bidean laguntza jasotzea ezinbestekoa izango zaio. «Beti geratzen da zauri bat, baina guk haur horiekin berez dituzten erresilientzia faktoreak atera behar ditugu. Bidean mina gainditzen lagunduko dizun zerbaitekin topo egitearen araberakoa izango da osatzea».

Kontzeptu bera ekarri du gogora Jose Luis Gonzalok. Askotariko tratu txarrak jasandako haurrekin urteak daramatza lanean. Harekin aritu da lanean Naiara Zamora azken urte eta erdian. Bi psikologoek jolasa dute haurren arazoak detektatzeko tresnatzat.

Bizitakoaren arabera, askotariko arazoak dituzte haurrek, eta lotura edo atxikimenduen arloan kokatzen ditu Gonzalok. Gurasoekin izandako loturaren arabera egingo dituzte gainerakoekin harremanak; lehen lotura hori ez bada positiboa izan, arazoak izango dira.

Badira komunikatzeko arazoak dituztenak, sentimenduak saihesten dituztenak; badira ere maitatuak ote diren edo ez antsietatez jakin beharra dutenak. Baina guztietan larriena atxikimendu «desordenatua» da. Indarkeria handiko ingurune «aurreikusiezinean» bizi izan denean jasaten du nahasmendu mota hori. «Kontua da tratu txarra jasan duela ez soilik zaintzailearekin harremanetan jarri denean, baita bere burua babesteko alboratu denean ere, eta aterabiderik gabeko paradoxa sortu zaio; ez daki nola jokatu eta desorganizatu egiten da», azaldu du Gonzalok.

Halakoetan haurrengan sumatu izan dituzten ezaugarri ohikoenak hiperaktibotasuna, oldarkortasun handia, emozioak erregulatzeko zailtasunak edo haserrea ez dagoen tokian ikustea izaten dira. «Nahasmendu eremua osoa izan liteke, antsietatetik hasi eta depresioraino, hizkuntza, ikaste, elikadura edo arazo neurologikoetatik pasata». Erruduntasun sentimendua oso barneratuta dutela nabarmendu du Zamorak, eta horregatik, askotan, zigorra bilatzen dutela. «Ez dira gai erlazio osasuntsuak eta positiboak garatzeko». Disoziazioa izaten da, halaber, haurraren nahasmenduetako bat. «Bizitakoa saihesteko hesi modukoa eraiki du babes gisa; baina testuingurutik at oso kaltegarria bihur dakioke, erabat besteratuak daudelako».

Barruan dutena adierazteko hitzek ez diete balio izaten haurrei. «Mintzatzeak eta pentsatzeak beldurra eragiten die», Gonzaloren hitzetan. Edo ez dakitelako zer gertatzen zaien, Zamoraren ustez. Hartarako, marrazki, film edo ipuinez gain ,jolasa erabiltzen dute, bati ere metodologia eta teknika jakin batzuek gidatuta. Bide bat hareaz betetako kutxan umeak hautatutako panpinak jartzea da: «Sentipenak bertan proiektatzen dituzte, eta euren istorioa kontatzea errazagoa zaie, era ez hain traumatikoan gainera». Etxe bat ere badute senideak irudikatzeko panpinekin. «Hirugarren batek zure ordez hitz egitean ere errazagoa da». Partxisean edo mahai-futbolean lehiatuz, berriz, umeak frustrazioa, galdu ala irabaztean agertzen duen jarrera, eta beste hainbat alor azter ditzakete. Alde hezitzailea ere lantzen dute jolas mota batzuekin.

Berrondok bezala, haurraren inguruneko baliabide sarearen garrantzia azpimarratu du Gonzalok ere; ikastetxea, hezitzaileak... «Giza baliabide asko behar dituzte haurrek: ibiltzen lagunduko dieten eskumakilak».

Berria, 27 de mayo de 2007.